Behe Orian bizi diren hegaztiei buruzko bloga duzu hau. Haien inguruko gorabeherak aurkituko dituzu hemen: zer dabilen, zerk alde egin duen, arazorik duten... Haien ezagutzako eta kontserbazioko kontuak aurkituko dituzu. Ongi etorri!
Urteko bi momentutan beha ditzakegu arrano arrantzaleak (Pandion haliaetus)
Usurbilen, ugalketa-sasoiaren aurretik eta ondoren. Europan ugaltzen
diren aleak dira, kumeak izan eta gero negua igarotzera Afrikara jotzen
dutenak. Bueltako bidea negua bukatutakoan egiten dute.
Joan-etorriko bidaietan arrantzatzeko eta atseden hartzeko
geldialdiak egiten dituzte bideko zenbait puntutan. GPS bidez
jarraitutako arrano arrantzaleak aztertuz ikusi da ale batek toki berak
aukeratzen dituela bizitza osoan egingo dituen migrazio-bidaia
guztietan. Beraz, zenbait alek behin baino gehiagotan egiten digute
bisita beren bizitzan zehar.
Arrano arrantzalea Sarian
Oria Behean ohiko bisitaria dugu arrano arrantzalea migrazio-garaian.
Horren froga dira azken asteotan Sarian eta Motondon ikusitako arrano
arrantzaleak. Egun batean bi batera ere behatu ziren. Argi dago
atseden-toki ezin hobea bilakatzen ari zaiola Oria Behea azken urteotan
Europan ugaritzen ari den espezie enblematiko honen populazioari.
Ezohiko kaio espezieekin disfrutatu ahal izan dugu azkeneko asteetan Lasarten. Bata, Ameriketatik etorritako espeziea da, Delawareko kaioa (Larus delawarensis) izenekoa; eta bestea, kaio espezierik txikiena, antxeta txikia(Larus minutus) izen adierazgarriarekin ezagutua.
Europara neguro iristen zaizkigu Delawareko kaio gutxi batzuk. Euskal
Herrian hiruzpalau ale zenbatu ohi dira, gehienak lehen negukoak
direlarik. Lasarten ikusitakoa heldua da. Asier Aldalurrek aurkitu zuen
duela hiru aste. Geroztik beste pare bat aldiz ikusi dugu.
Delawareko kaioa (Larus delawarensis) Lasarten
Antxeta txikia ere bada oso kaio urria gure inguruan. Neguan baino ez
dira ikusten eta oso gutxitan. Lasarteraino antxeta mokogorriei
jarraituz iritsiko zen bikotea, bi ale baitziren, lehen negukoak biak.
Bertan, antxeta mokogorriekin batera ari ziren elikatzen.
Joan den udazkenean ustekabean aurkitu genituen
hegazkinak berriz ere hegan Motondo gainean. Izan ere, ahaztutako
kontutzat geneukan, Orioko udalak hala ibiltzerik ez zegoela jakinarazi
baitzien, Natura 2000 sareko eremu gisa indarrean diren gidalerroak eta
Orioko udalaren beraren Plan Orokorraren xedapenak aintzat hartuta eta
udal-arkitektoari aldez aurretik galdetuta. Arkitektoaren txostenak ere
jarduera hura legez kanpokotzat jo zuenez, modelistei egoera zein zen
jakinarazi zien Solabarrieta alkateak.
Udal
hauteskundeek eragindako aldaketaren ondoren, baina, han ikusi genituen
berriro modelistak beren zereginean. Haien webgunean ikusi genuenez,
udalak baimena emana omen zien.
Baina
udalean galdetuta, ez zen baimen horren inongo arrastorik inon ageri:
ez eskaerarik, ez txosten teknikorik, ez txosten juridikorik, ez
erantzunik, ez ezer. Herriok eta Itsas Enarak udal-plenoan galdetuta,
Zaldua alkateak esan zuen berari telefonoz deitu ziotela eta berak
baietz erantzun ziela. Alegia, prozedura legal guztien gainetik. Udal
Idazkariak hantxe azaldu zuen zer urrats egin behar ziren halako kasu
batean, eta alkateak ez zuen bat bera ere betea.
Gatazkari
irteera eman nahian. Zaldua alkateak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari
galdetzea, epailearena hark egin zezan eta ez berak.
Iritsi
da azkenean Lakuaren erantzuna eta, jakina, ezin besterik esan:
indarrean diren arauen arabera ez dago Motondon ez aeromodeloak ez
droneak erabiltzerik. Kitto.
Halaber
dio Lakuak Udaltzaingoari eman behar zaiola horren guztiaren berri,
berari baitagokio jarduera horiek eragiten dituzten segurtasun-kontuak
zaintzea.
Urte Berri on guztioi!
Herrio Natura Taldea
Itsas Enara Ornitologia Elkartea
Gure zeruetan hegan baino ez ditugu ikusten kurriloak (Grus grus)
normalean. Udazken garaian agertzen hasten dira, hotzaren mezulariak
balira bezala. Urrunetik ikustearekin konformatu behar izaten gara, hain
pilatuta bizi garen Gipuzkoa honetan kurriloek geldialdi bat
lasaitasunez egiteko moduko zelai edo padura zabalik ez baita geratzen.
Kurriloak Marrotan
Bittor Mutiozabal zarauztarrak, Sariara zihoala, sorpresa eder
batekin topo egin zuen Marrotan, tamaina handiko hiru hegazti ikusi
zituen eta. Zelaian hiru kurrilo zeuden pausaturik, atseden hartzen.
Zerbait erakargarria ikusi omen zuten bertan. Ez ohiko bisita berezi
honek, eta blog honetan azaldutako beste hainbatek, agerian uzten dute
Oria Behearen garrantzia, eta horren ondorioz, bera leheneratzeko
neurrien beharra.
Kurriloak Marrota gainetik tentsio-kable arriskutsuak sahiesten
Joan den igandean, urriak 4, Hegaztien Eguna ospatu genuen, munduan
beste askok bezala, Euskal Herriko txorizaleok. Batzuek mendira jo
zuten, beste batzuek kostara, baten batzuek basoetara, landa-eremuetara…
Andoni Ruiz zarauztarrak Saria bisitatzea erabaki zuen, martin arrantzaleei(Alcedo atthis) argazki polit batzuk egiteko asmoz.
Martin arrantzalea Sarian
Goiza pazientzia handiz igarotzen ari zela, martin arrantzaleak ez
ezik, beste txori batzuek ere egin zioten bisita. Baina denetan
interesgarriena, zalantzarik gabe, arrano arrantzalea(Pandion haliaetus)
izan zen. Halako batean konturatu zen Andoni haren presentziaz,
argindar-tantai baten puntan jarrita. Itzao aldeko pinu batzuetan ere
jarri zen gero. Nahikoa argazki batzuk egiteko eta zuei gaur zer
erakutsia izateko.
Arrano arrantzalea Sarian
Badira urte batzuk espezie honek gure kosta urtero bisitatzen duela,
bai udaberriko pasean, bai udazkenekoan, baina Usurbil inguruan bakana
da oraindik. Nahikoa izan da ordea Sarian lehen egindako okerrak atzera
leheneratu izana naturak gauzak konpontzen hasteko. Gogora dezagun apirilean ere
arrano arrantzale batek egun batzuk eman zituela Sarian. Duela urte
batzuk esaten genuen denbora kontua besterik ez zela Sarian sorpresa
handiak hautematen hastea, eta arrano honek, zorionez, arrazoia eman
digu.
Gozatu lasai!
PD: Andonik bere lanaren emaitza hau ere eskaini digu blogean jartzeko: Milesker, Andoni!
Saria leheneratzeko egin diren lanen emaitza gero eta agerikoagoa da.
Lur-mugimenduei esker ura berriro hasi zen sartzen erriberara. Landare
inbaditzaileak kenduta, bertakoek aukera gehiago dute beren lurraldea
berreskuratzeko. Denborak eta naturak berak egin dute gainerako guztia.
Sariako padurak
Aurtengo udaberrian urtetik urtera sumatu dugun joerari eutsi dio
Sariak, eta ustekabe politak ere eskaini dizkigu. Apirilean bertako
hegaztiak umatzen hasita badaude ere, pasekoak oraindik iparraldera
bidean dira, eta gure artean hartzen dute ordu edo egun batzuez, jateko
eta indarberritzeko tartetxo bat.
Zankaluzeak Sarian elikatzen
Zankaluzeak Sarian elikatzen
Duela urte batzuk aurreikusi bezala, espezie arruntenak hasi dira Sarian ugaltzen. Legar-txori edo txirritxo txikia
iaz bertan hasi zen, eta aurten ere hemen dira beren eztai-dantza txoro
eta ikusgarriak egiten, lurraldetxo bat zaintzen eta arerioengandik
babesten. Aurki izango dira habiak, arrautzak eta umeak. Basahatea eta uroiloa, berriz, ematen du hasi direla umatzen, ama-umeak ikusi baititugu dagoeneko.
Lezkadia garatzen denean lezkari eta antzeko txori intsektiboro
txikiz beteko da ingurua. Inguruko zenbait hegazti lehortar ere
inguratzen da bertara jan bila. Hala, txinbo, pitxartxar, txiio, buztangorri, zapelatzak eta miruak arrunt bisitatzen dute Saria, eta azken urteotan Gipuzkoan hedatzen ari den beste espezie bat, pagausoa hain zuzen, bide ondoko pinudian bertan dugu urrumaka. Aipamen berezia merezi dute txinbokaskabeltzek, azkeneko egunotan aspalditik gertatu gabeko pase ikaragarriaren lekukoak izan garelako, Sarian ere bai. Gogora dezagun Ipar Europako txinbo kaskabeltzek Afrikan igarotzen dutela negua.
Txinbokaskabeltza Sarian atsedena hartzen
Kontu handiz inguratu behar da Sariara. Sasoi honetan ez da komeni
gehiegi inguratzea, habiaren bat zapuztuko ote dugun ere. Horregatik da
hain baliagarria Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak oraintsu
zabaldu duten behatokia erabiltzea. Bertatik aise eta inor ernegatu
gabe ikusiko ditugu Sariako biztanle gehienak. Hobe da goizean azaltzea,
eguzkiaren islak ikuspegia ez eragozteko. Hemendik hilabetera
bitartean, oraindik limikola ugari pasako da hemendik. Hori bai,
komeniko litzateke aparkalekuaren eta behatokiaren arteko bidexka
nolabait apantailatzea, landarez, esaterako.