2015(e)ko urriaren 9(a), ostirala

Arrano arrantzalea Sarian

Joan den igandean, urriak 4, Hegaztien Eguna ospatu genuen, munduan beste askok bezala, Euskal Herriko txorizaleok. Batzuek mendira jo zuten, beste batzuek kostara, baten batzuek basoetara, landa-eremuetara… Andoni Ruiz zarauztarrak Saria bisitatzea erabaki zuen, martin arrantzaleei (Alcedo atthis) argazki polit batzuk egiteko asmoz.

image1 
Martin arrantzalea Sarian

Goiza pazientzia handiz igarotzen ari zela, martin arrantzaleak ez ezik, beste txori batzuek ere egin zioten bisita. Baina denetan interesgarriena, zalantzarik gabe, arrano arrantzalea (Pandion haliaetus) izan zen. Halako batean konturatu zen Andoni haren presentziaz, argindar-tantai baten puntan jarrita. Itzao aldeko pinu batzuetan ere jarri zen gero. Nahikoa argazki batzuk egiteko eta zuei gaur zer erakutsia izateko.

Arrano-arrantzalea2484-w 
Arrano arrantzalea Sarian

Badira urte batzuk espezie honek gure kosta urtero bisitatzen duela, bai udaberriko pasean, bai udazkenekoan, baina Usurbil inguruan bakana da oraindik. Nahikoa izan da ordea Sarian lehen egindako okerrak atzera leheneratu izana naturak gauzak konpontzen hasteko. Gogora dezagun apirilean ere arrano arrantzale batek egun batzuk eman zituela Sarian. Duela urte batzuk esaten genuen denbora kontua besterik ez zela Sarian sorpresa handiak hautematen hastea, eta arrano honek, zorionez, arrazoia eman digu.

Gozatu lasai!

PD: Andonik bere lanaren emaitza hau ere eskaini digu blogean jartzeko: Milesker, Andoni!