Aurreko
batean blog honetan bertan argitaratu genuen amaitzear zeudela Sariako
erribera leheneratzeko lanak. Makinek bukatu dute dagoeneko beren lana,
eta orain naturari dagokio, bere martxa eta erritmoan, merezi izan duela
erakustea. Uste baino azkarrago doa, ordea, leheneratzeko prozesu
naturala. Balio dezatela irudi hauek hori azaltzeko.
Lanak
amaitu aurretik ere igartzen zen landaretza indarrez zetorrela.
Harrezkero lezka ikaragarri handitu da eta ia eremu osoa estali du.
Algek putzuetako hondarra eta lohia estaltzen dute eta intsektu handi
eta ikusgarriak dabiltza nonahi. Datorren urtean, horiek beren zikloa
osatuta, ikustekoa izango da hemengo intsektu-fauna. Eta horiekin batera
haietaz elikatzen diren txori-txikien kopurua eta barietatea.
Sariako lokatzetan basurde-arrastoak nonahi daude, Andatzatik Mendizorrotzera bidean eta bueltan. Maiz ikusi dituzte erriyoa igerian zeharkatzen, familia-taldetan. Basahuntz-arrastoak ere badira.
Arrainak ere hasiak dira bazter hau bisitatzen,
bai arrain txiki eta gazteak, bai haien atzetik, harrapatu nahian
noski, dabiltzan lupi eta itsas-amuarrainak ere. Ahateak eta koartzak
ohiko bisitari bilakatu dira ia, ugarroaik ere bai, eta espero izatekoa
da aurtengo neguan gauza interesgarriak ikustea.
Espero dugu adibide eder honek balio izatea herritarrak konbentzitzeko
zeinen onuragarria den natura errespetatzea eta, ahal den neurrrian,
iraganean hari lapurtutakoa itzultzea. Hor dago Motondo, hor dago Bedua,
hor daude Oxinbiribil, Gal, Koxtorbe, hor dago Artzabal, Txikierdiko irla, ... eskua noiz sartuko zain. Zeren
zain gaude?