2018(e)ko urriaren 30(a), asteartea

Udazken-negu honetako lehenengo kaio mohokoria

Iturria: Usurbilgo hegaztiak bloga
Autorea: Xabier Saralegi

Eguraldi txarreko egun hauetan kaio ugari babes bila sartzen ari dira Orioko itsasadarrera. Gehientsuak kaio mokogorriak dira, sasoi honetan Ipar eta Erdialdeko Europatik etorrita Iberiar Penintsulara migratzen ari diren aleak.

Espezie hau gure kostaldean ohiko migratzailea bada ere, milatik gorako talde erraldoiak ikustea ikuskizun ederra da. Gainera, begiak zorroztuz gero ohikoak ez diren kaio-espezieak aurkitu ditzakegu.


CanusORia2.JPG



CanusORia3

CanusORia.JPGKaio mohokoria (larus canus) Orioko itsasadarrean

Atzo, adibidez, kaio mohokori (larus canus) polit bat zebilen San Pedro errekaren inguruan elkartu ziren milaka kaio mokogorrien artean. Espezie honen oso ale gutxi iristen zaizkigu gure kostaldera, eta Orioko ale hau udazken-negu honetan Gipuzkoako kostaldean ikusten den lehenengoa litzateke.

2018(e)ko maiatzaren 7(a), astelehena

Eskandinaviako larre-buztinkara Zubietan

Iturria: Usurbilgo Txoriak bloga
Autorea: Xabier Saralegi

Azkeneko asteotan larre-buztinkara (Motacilla flava) dezente ikusten ari dira Euskal Herrian. Ia denak ale migratzaileak dira, negua Afrikan igaro ondoren Europako zenbait lekutara itzultzen direnak.

Espezie honek baditu hainbat azpiespezie, eta hauetako bakoitza Europako zonalde bati lotua dago. Iberiar penintsulatik pasatzen diren azpiespezieak bost dira, eta pase garaian ugarienetik urrienera ordenatuta hauek lirateke: flava flava, Erdialdeko Europakoa; flava flavissima, Britaniar uharteetakoa; flava cinereocapilla, Italiakoa; flava thunbergi, Eskandinaviakoa; eta flava feldegg Balkaneetakoa. Euskal Herrian flava eta flavissima azpiespezieak behatzea ez da zaila. Gainerako guztiak, aldiz, oso urriak dira.

buztan1Larre-buztinkarak (Motacilla flava flava) Zubietan

Bada, atzo Zubietatik bazebiltzan zenbait taldetxo ganaduaren inguruan, eta talde hauetako batean bazegoen ale batek atentzioa ematen zuena. Besteak ez bezala buru beltza zuen. Zer izango ote zen? Eskandinaviakoa larre-buztinkara (Motacilla flava thunbergi) bat, aurten Euskal Herrian ikusi den bakarra. Non eta Zubietan!

buztan2Eskandinaviako larre-buztinkara (Motacilla flava thunbergi) Zubietan