Behe Orian bizi diren hegaztiei buruzko bloga duzu hau. Haien inguruko gorabeherak aurkituko dituzu hemen: zer dabilen, zerk alde egin duen, arazorik duten... Haien ezagutzako eta kontserbazioko kontuak aurkituko dituzu. Ongi etorri!
Saria leheneratzeko egin diren lanen emaitza gero eta agerikoagoa da.
Lur-mugimenduei esker ura berriro hasi zen sartzen erriberara. Landare
inbaditzaileak kenduta, bertakoek aukera gehiago dute beren lurraldea
berreskuratzeko. Denborak eta naturak berak egin dute gainerako guztia.
Sariako padurak
Aurtengo udaberrian urtetik urtera sumatu dugun joerari eutsi dio
Sariak, eta ustekabe politak ere eskaini dizkigu. Apirilean bertako
hegaztiak umatzen hasita badaude ere, pasekoak oraindik iparraldera
bidean dira, eta gure artean hartzen dute ordu edo egun batzuez, jateko
eta indarberritzeko tartetxo bat.
Zankaluzeak Sarian elikatzen
Zankaluzeak Sarian elikatzen
Duela urte batzuk aurreikusi bezala, espezie arruntenak hasi dira Sarian ugaltzen. Legar-txori edo txirritxo txikia
iaz bertan hasi zen, eta aurten ere hemen dira beren eztai-dantza txoro
eta ikusgarriak egiten, lurraldetxo bat zaintzen eta arerioengandik
babesten. Aurki izango dira habiak, arrautzak eta umeak. Basahatea eta uroiloa, berriz, ematen du hasi direla umatzen, ama-umeak ikusi baititugu dagoeneko.
Lezkadia garatzen denean lezkari eta antzeko txori intsektiboro
txikiz beteko da ingurua. Inguruko zenbait hegazti lehortar ere
inguratzen da bertara jan bila. Hala, txinbo, pitxartxar, txiio, buztangorri, zapelatzak eta miruak arrunt bisitatzen dute Saria, eta azken urteotan Gipuzkoan hedatzen ari den beste espezie bat, pagausoa hain zuzen, bide ondoko pinudian bertan dugu urrumaka. Aipamen berezia merezi dute txinbokaskabeltzek, azkeneko egunotan aspalditik gertatu gabeko pase ikaragarriaren lekukoak izan garelako, Sarian ere bai. Gogora dezagun Ipar Europako txinbo kaskabeltzek Afrikan igarotzen dutela negua.
Txinbokaskabeltza Sarian atsedena hartzen
Kontu handiz inguratu behar da Sariara. Sasoi honetan ez da komeni
gehiegi inguratzea, habiaren bat zapuztuko ote dugun ere. Horregatik da
hain baliagarria Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak oraintsu
zabaldu duten behatokia erabiltzea. Bertatik aise eta inor ernegatu
gabe ikusiko ditugu Sariako biztanle gehienak. Hobe da goizean azaltzea,
eguzkiaren islak ikuspegia ez eragozteko. Hemendik hilabetera
bitartean, oraindik limikola ugari pasako da hemendik. Hori bai,
komeniko litzateke aparkalekuaren eta behatokiaren arteko bidexka
nolabait apantailatzea, landarez, esaterako.