2015(e)ko abenduaren 24(a), osteguna

Eusko Jaurlaritzak arrazoia ukatu dio Orioko alkateari: Motondon ez dago ez hegazkinik ez dronerik hegan erabiltzerik

Joan den udazkenean ustekabean aurkitu genituen hegazkinak berriz ere hegan Motondo gainean. Izan ere, ahaztutako kontutzat geneukan, Orioko udalak hala ibiltzerik ez zegoela jakinarazi baitzien, Natura 2000 sareko eremu gisa indarrean diren gidalerroak eta Orioko udalaren beraren Plan Orokorraren xedapenak aintzat hartuta eta udal-arkitektoari aldez aurretik galdetuta. Arkitektoaren txostenak ere jarduera hura legez kanpokotzat jo zuenez, modelistei egoera zein zen jakinarazi zien Solabarrieta alkateak.

Udal hauteskundeek eragindako aldaketaren ondoren, baina, han ikusi genituen berriro modelistak beren zereginean. Haien webgunean ikusi genuenez, udalak baimena emana omen zien.

Baina udalean galdetuta, ez zen baimen horren inongo arrastorik inon ageri: ez eskaerarik, ez txosten teknikorik, ez txosten juridikorik, ez erantzunik, ez ezer. Herriok eta Itsas Enarak udal-plenoan galdetuta, Zaldua alkateak esan zuen berari telefonoz deitu ziotela eta berak baietz erantzun ziela. Alegia, prozedura legal guztien gainetik. Udal Idazkariak hantxe azaldu zuen zer urrats egin behar ziren halako kasu batean, eta alkateak ez zuen bat bera ere betea.

Gatazkari irteera eman nahian. Zaldua alkateak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari galdetzea, epailearena hark egin zezan eta ez berak.

Iritsi da azkenean Lakuaren erantzuna eta, jakina, ezin besterik esan: indarrean diren arauen arabera ez dago Motondon ez aeromodeloak ez droneak erabiltzerik. Kitto.

Halaber dio Lakuak Udaltzaingoari eman behar zaiola horren guztiaren berri, berari baitagokio jarduera horiek eragiten dituzten segurtasun-kontuak zaintzea.

Urte Berri on guztioi!

Herrio Natura Taldea
Itsas Enara Ornitologia Elkartea

2015(e)ko abenduaren 7(a), astelehena

Kurriloak Marrotan

Gure zeruetan hegan baino ez ditugu ikusten kurriloak (Grus grus) normalean. Udazken garaian agertzen hasten dira, hotzaren mezulariak balira bezala. Urrunetik ikustearekin konformatu behar izaten gara, hain pilatuta bizi garen Gipuzkoa honetan kurriloek geldialdi bat lasaitasunez egiteko moduko zelai edo padura zabalik ez baita geratzen.

kurrilobit1.JPG
Kurriloak Marrotan

Bittor Mutiozabal zarauztarrak, Sariara zihoala, sorpresa eder batekin topo egin zuen Marrotan, tamaina handiko hiru hegazti ikusi zituen eta. Zelaian hiru kurrilo zeuden pausaturik, atseden hartzen. Zerbait erakargarria ikusi omen zuten bertan. Ez ohiko bisita berezi honek, eta blog honetan azaldutako beste hainbatek, agerian uzten dute Oria Behearen garrantzia, eta horren ondorioz, bera leheneratzeko neurrien beharra.

kurrilobit2
Kurriloak Marrota gainetik tentsio-kable arriskutsuak sahiesten

2015(e)ko urriaren 9(a), ostirala

Arrano arrantzalea Sarian

Joan den igandean, urriak 4, Hegaztien Eguna ospatu genuen, munduan beste askok bezala, Euskal Herriko txorizaleok. Batzuek mendira jo zuten, beste batzuek kostara, baten batzuek basoetara, landa-eremuetara… Andoni Ruiz zarauztarrak Saria bisitatzea erabaki zuen, martin arrantzaleei (Alcedo atthis) argazki polit batzuk egiteko asmoz.

image1 
Martin arrantzalea Sarian

Goiza pazientzia handiz igarotzen ari zela, martin arrantzaleak ez ezik, beste txori batzuek ere egin zioten bisita. Baina denetan interesgarriena, zalantzarik gabe, arrano arrantzalea (Pandion haliaetus) izan zen. Halako batean konturatu zen Andoni haren presentziaz, argindar-tantai baten puntan jarrita. Itzao aldeko pinu batzuetan ere jarri zen gero. Nahikoa argazki batzuk egiteko eta zuei gaur zer erakutsia izateko.

Arrano-arrantzalea2484-w 
Arrano arrantzalea Sarian

Badira urte batzuk espezie honek gure kosta urtero bisitatzen duela, bai udaberriko pasean, bai udazkenekoan, baina Usurbil inguruan bakana da oraindik. Nahikoa izan da ordea Sarian lehen egindako okerrak atzera leheneratu izana naturak gauzak konpontzen hasteko. Gogora dezagun apirilean ere arrano arrantzale batek egun batzuk eman zituela Sarian. Duela urte batzuk esaten genuen denbora kontua besterik ez zela Sarian sorpresa handiak hautematen hastea, eta arrano honek, zorionez, arrazoia eman digu.

Gozatu lasai!

PD: Andonik bere lanaren emaitza hau ere eskaini digu blogean jartzeko: Milesker, Andoni!

2015(e)ko apirilaren 14(a), asteartea

Badator, ondo egindako lanaren emaitza

Saria leheneratzeko egin diren lanen emaitza gero eta agerikoagoa da. Lur-mugimenduei esker ura berriro hasi zen sartzen erriberara. Landare inbaditzaileak kenduta, bertakoek aukera gehiago dute beren lurraldea berreskuratzeko. Denborak eta naturak berak egin dute gainerako guztia.

P1360176
Sariako padurak

Aurtengo udaberrian urtetik urtera sumatu dugun joerari eutsi dio Sariak, eta ustekabe politak ere eskaini dizkigu. Apirilean bertako hegaztiak umatzen hasita badaude ere, pasekoak oraindik iparraldera bidean dira, eta gure artean hartzen dute ordu edo egun batzuez, jateko eta indarberritzeko tartetxo bat.

P1360195
Zankaluzeak Sarian elikatzen
Zankaluzeak Sarian elikatzen

Duela urte batzuk aurreikusi bezala, espezie arruntenak hasi dira Sarian ugaltzen. Legar-txori edo txirritxo txikia iaz bertan hasi zen, eta aurten ere hemen dira beren eztai-dantza txoro eta ikusgarriak egiten, lurraldetxo bat zaintzen eta arerioengandik babesten. Aurki izango dira habiak, arrautzak eta umeak. Basahatea eta uroiloa, berriz, ematen du hasi direla umatzen, ama-umeak ikusi baititugu dagoeneko.

Txirritxo txikia Sarian
Baina Sarian ugaltzen diren espezieez gain, pase-garaian hemen gelditzen direnak ere (txirriak, koartzatxo zuria, bernagorria, kuliskak, zikoina, koartzak oro har…) gorantz doaz eta lehen ikusi gabekoren bat ere agertu zaigu inoiz, hala nola zankaluze ikusgarria, arrano arrantzalea, koartza gorria… Zankaluzea Frantziako RĂ© irlan babestu zutenetik gero eta arruntagoa da Kantauri aldeko estuarioetan, eta apiril hasiera honetan dagoeneko Zarautzen, Orion, Txingudin eta, jakina, Sarian ikusi ditugu.
arranoarrantz
Arrano arrantzalea Saria ondoko pinudian
bernagor
Bernagorriak Sariak elikatzen

Lezkadia garatzen denean lezkari eta antzeko txori intsektiboro txikiz beteko da ingurua. Inguruko zenbait hegazti lehortar ere inguratzen da bertara jan bila. Hala, txinbo, pitxartxar, txiio, buztangorri, zapelatzak eta miruak arrunt bisitatzen dute Saria, eta azken urteotan Gipuzkoan hedatzen ari den beste espezie bat, pagausoa hain zuzen, bide ondoko pinudian bertan dugu urrumaka. Aipamen berezia merezi dute txinbo kaskabeltzek, azkeneko egunotan aspalditik gertatu gabeko pase ikaragarriaren lekukoak izan garelako, Sarian ere bai. Gogora dezagun Ipar Europako txinbo kaskabeltzek Afrikan igarotzen dutela negua.

txinbokaskabel
Txinbo kaskabeltza Sarian atsedena hartzen

Kontu handiz inguratu behar da Sariara. Sasoi honetan ez da komeni gehiegi inguratzea, habiaren bat zapuztuko ote dugun ere. Horregatik da hain baliagarria Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak oraintsu zabaldu duten behatokia erabiltzea. Bertatik aise eta inor ernegatu gabe ikusiko ditugu Sariako biztanle gehienak. Hobe da goizean azaltzea, eguzkiaren islak ikuspegia ez eragozteko. Hemendik hilabetera bitartean, oraindik limikola ugari pasako da hemendik. Hori bai, komeniko litzateke aparkalekuaren eta behatokiaren arteko bidexka nolabait apantailatzea, landarez, esaterako.

P1360309
Sariako behatokia