2018(e)ko maiatzaren 7(a), astelehena

Eskandinaviako larre-buztinkara Zubietan

Iturria: Usurbilgo Txoriak bloga
Autorea: Xabier Saralegi

Azkeneko asteotan larre-buztinkara (Motacilla flava) dezente ikusten ari dira Euskal Herrian. Ia denak ale migratzaileak dira, negua Afrikan igaro ondoren Europako zenbait lekutara itzultzen direnak.

Espezie honek baditu hainbat azpiespezie, eta hauetako bakoitza Europako zonalde bati lotua dago. Iberiar penintsulatik pasatzen diren azpiespezieak bost dira, eta pase garaian ugarienetik urrienera ordenatuta hauek lirateke: flava flava, Erdialdeko Europakoa; flava flavissima, Britaniar uharteetakoa; flava cinereocapilla, Italiakoa; flava thunbergi, Eskandinaviakoa; eta flava feldegg Balkaneetakoa. Euskal Herrian flava eta flavissima azpiespezieak behatzea ez da zaila. Gainerako guztiak, aldiz, oso urriak dira.

buztan1Larre-buztinkarak (Motacilla flava flava) Zubietan

Bada, atzo Zubietatik bazebiltzan zenbait taldetxo ganaduaren inguruan, eta talde hauetako batean bazegoen ale batek atentzioa ematen zuena. Besteak ez bezala buru beltza zuen. Zer izango ote zen? Eskandinaviakoa larre-buztinkara (Motacilla flava thunbergi) bat, aurten Euskal Herrian ikusi den bakarra. Non eta Zubietan!

buztan2Eskandinaviako larre-buztinkara (Motacilla flava thunbergi) Zubietan