kontserbazioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
kontserbazioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015(e)ko apirilaren 14(a), asteartea

Badator, ondo egindako lanaren emaitza

Saria leheneratzeko egin diren lanen emaitza gero eta agerikoagoa da. Lur-mugimenduei esker ura berriro hasi zen sartzen erriberara. Landare inbaditzaileak kenduta, bertakoek aukera gehiago dute beren lurraldea berreskuratzeko. Denborak eta naturak berak egin dute gainerako guztia.

P1360176
Sariako padurak

Aurtengo udaberrian urtetik urtera sumatu dugun joerari eutsi dio Sariak, eta ustekabe politak ere eskaini dizkigu. Apirilean bertako hegaztiak umatzen hasita badaude ere, pasekoak oraindik iparraldera bidean dira, eta gure artean hartzen dute ordu edo egun batzuez, jateko eta indarberritzeko tartetxo bat.

P1360195
Zankaluzeak Sarian elikatzen
Zankaluzeak Sarian elikatzen

Duela urte batzuk aurreikusi bezala, espezie arruntenak hasi dira Sarian ugaltzen. Legar-txori edo txirritxo txikia iaz bertan hasi zen, eta aurten ere hemen dira beren eztai-dantza txoro eta ikusgarriak egiten, lurraldetxo bat zaintzen eta arerioengandik babesten. Aurki izango dira habiak, arrautzak eta umeak. Basahatea eta uroiloa, berriz, ematen du hasi direla umatzen, ama-umeak ikusi baititugu dagoeneko.

Txirritxo txikia Sarian
Baina Sarian ugaltzen diren espezieez gain, pase-garaian hemen gelditzen direnak ere (txirriak, koartzatxo zuria, bernagorria, kuliskak, zikoina, koartzak oro har…) gorantz doaz eta lehen ikusi gabekoren bat ere agertu zaigu inoiz, hala nola zankaluze ikusgarria, arrano arrantzalea, koartza gorria… Zankaluzea Frantziako Ré irlan babestu zutenetik gero eta arruntagoa da Kantauri aldeko estuarioetan, eta apiril hasiera honetan dagoeneko Zarautzen, Orion, Txingudin eta, jakina, Sarian ikusi ditugu.
arranoarrantz
Arrano arrantzalea Saria ondoko pinudian
bernagor
Bernagorriak Sariak elikatzen

Lezkadia garatzen denean lezkari eta antzeko txori intsektiboro txikiz beteko da ingurua. Inguruko zenbait hegazti lehortar ere inguratzen da bertara jan bila. Hala, txinbo, pitxartxar, txiio, buztangorri, zapelatzak eta miruak arrunt bisitatzen dute Saria, eta azken urteotan Gipuzkoan hedatzen ari den beste espezie bat, pagausoa hain zuzen, bide ondoko pinudian bertan dugu urrumaka. Aipamen berezia merezi dute txinbo kaskabeltzek, azkeneko egunotan aspalditik gertatu gabeko pase ikaragarriaren lekukoak izan garelako, Sarian ere bai. Gogora dezagun Ipar Europako txinbo kaskabeltzek Afrikan igarotzen dutela negua.

txinbokaskabel
Txinbo kaskabeltza Sarian atsedena hartzen

Kontu handiz inguratu behar da Sariara. Sasoi honetan ez da komeni gehiegi inguratzea, habiaren bat zapuztuko ote dugun ere. Horregatik da hain baliagarria Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak oraintsu zabaldu duten behatokia erabiltzea. Bertatik aise eta inor ernegatu gabe ikusiko ditugu Sariako biztanle gehienak. Hobe da goizean azaltzea, eguzkiaren islak ikuspegia ez eragozteko. Hemendik hilabetera bitartean, oraindik limikola ugari pasako da hemendik. Hori bai, komeniko litzateke aparkalekuaren eta behatokiaren arteko bidexka nolabait apantailatzea, landarez, esaterako.

P1360309
Sariako behatokia

2013(e)ko azaroaren 17(a), igandea

Saria, merezitako saria

Aurreko batean blog honetan bertan argitaratu genuen amaitzear zeudela Sariako erribera leheneratzeko lanak. Makinek bukatu dute dagoeneko beren lana, eta orain naturari dagokio, bere martxa eta erritmoan, merezi izan duela erakustea. Uste baino azkarrago doa, ordea, leheneratzeko prozesu naturala. Balio dezatela irudi hauek hori azaltzeko.



Lanak amaitu aurretik ere igartzen zen landaretza indarrez zetorrela. Harrezkero lezka ikaragarri handitu da eta ia eremu osoa estali du. Algek putzuetako hondarra eta lohia estaltzen dute eta intsektu handi eta ikusgarriak dabiltza nonahi. Datorren urtean, horiek beren zikloa osatuta, ikustekoa izango da hemengo intsektu-fauna. Eta horiekin batera haietaz elikatzen diren txori-txikien kopurua eta barietatea.

   

Sariako lokatzetan basurde-arrastoak nonahi daude, Andatzatik Mendizorrotzera bidean eta bueltan. Maiz ikusi dituzte erriyoa igerian zeharkatzen, familia-taldetan. Basahuntz-arrastoak ere badira.



Arrainak ere hasiak dira bazter hau bisitatzen, bai arrain txiki eta gazteak, bai haien atzetik, harrapatu nahian noski, dabiltzan lupi eta itsas-amuarrainak ere. Ahateak eta koartzak ohiko bisitari bilakatu dira ia, ugarroaik ere bai, eta espero izatekoa da aurtengo neguan gauza interesgarriak ikustea.


Espero dugu adibide eder honek balio izatea herritarrak konbentzitzeko zeinen onuragarria den natura errespetatzea eta, ahal den neurrrian, iraganean hari lapurtutakoa itzultzea. Hor dago Motondo, hor dago Bedua, hor daude Oxinbiribil, Gal, Koxtorbe, hor dago Artzabal, Txikierdiko irla, ... eskua noiz sartuko zain. Zeren zain gaude?













2008(e)ko irailaren 29(a), astelehena

Uretako motorrak: Itsas Enarak Gipuzkoako Foru Aldundiari eginiko eskaera


Donostian, 2008ko irailaren 29an


Jaun agurgarri horiek,


Bada denbora luzea gure elkarteko kideok uretako motorrak hainbat tokitan ikusten ditugula, kontrolik gabe eta abiadura handitan nabigatzen, basafauna uxatzen eta inoiz haren ugaltoki, bazkatoki eta atsedentokietatik oso gertu. Oso gogaikarria egiten da egoera hori ibai-bokaleetan, bereziki Bidasoa, Jaitzubia, Oria eta Urola ibaien bokaleetan. Lau bokale horiek, gainera, zerrendatutako naturaguneak dira, nahiz eta denek ez izan (oraindik) babes-arau berezirik. Areago, uretako eskia ere egiten da Orian gora eta behera.

Alta, oraintsu jakin dugu badela hor nabigatzea galarazten duen arau orokor bat, gure ustez guztiz aplikagarria dena (besterik ezean). 259/2002 Errege Dekretuaren 10. artikuluak dioenaren arabera, ez dago uretako motorretan nabigatzerik ertzetik 200 metrora baino gertuago, ez bada saltatzeko eta orduan ere, 3 korapiloko abiaduraz, asko jota. Argi dago Jaitzubia, Urola eta Oria ibaien bokaleak 200 metro baino estuagoak direla Itsas Ertzeko Zerbitzuak egindako deslindea iristen den puntutik behera, eta Bidasoaren kasua, Xingudi zabalgunea kenduta, beste hainbeste.

Neurria berdin aplikatu behar litzateke Igeldo, Santa Klara, Ulia, Pasaiako Plata eta Mitxitxolako kaio- eta ugarroi-kolonietara ere, hor ere antzeman baitugu motorrak gehiegi hurreratzen direla.

Badakigu itsas-eremuan polizia-eskumenen titularitatea ez dagoela oso argi eta aginte-indarrek askotan horri heltzen diotela azkenean ezer gutxi egiteko. Dena dela, uste dugu bokaleen kasuan, bederen, errazagoa izan litekeela uretako-motorren nabigazioa kontrolatzea eta horregatik eskatu nahi genizueke, mesedez, esandako Errege Dekretua aztertzea eta Aldundiko basozainei ez ezik, Ertzaintzari eta dagozkion udaletako Udaltzaingoei eta Gipuzkoako Elkarte Nautiko eta kirol portuetako kudeatzaileei ere jakinaraztea debekua eta erregutzea bereziki zain dezatela, salatutakoa ez dadin berriz gertatu.


Eskerrik asko,


Rafael Saiz Elizondo
Lehendakaria