2015(e)ko apirilaren 14(a), asteartea

Badator, ondo egindako lanaren emaitza

Saria leheneratzeko egin diren lanen emaitza gero eta agerikoagoa da. Lur-mugimenduei esker ura berriro hasi zen sartzen erriberara. Landare inbaditzaileak kenduta, bertakoek aukera gehiago dute beren lurraldea berreskuratzeko. Denborak eta naturak berak egin dute gainerako guztia.

P1360176
Sariako padurak

Aurtengo udaberrian urtetik urtera sumatu dugun joerari eutsi dio Sariak, eta ustekabe politak ere eskaini dizkigu. Apirilean bertako hegaztiak umatzen hasita badaude ere, pasekoak oraindik iparraldera bidean dira, eta gure artean hartzen dute ordu edo egun batzuez, jateko eta indarberritzeko tartetxo bat.

P1360195
Zankaluzeak Sarian elikatzen
Zankaluzeak Sarian elikatzen

Duela urte batzuk aurreikusi bezala, espezie arruntenak hasi dira Sarian ugaltzen. Legar-txori edo txirritxo txikia iaz bertan hasi zen, eta aurten ere hemen dira beren eztai-dantza txoro eta ikusgarriak egiten, lurraldetxo bat zaintzen eta arerioengandik babesten. Aurki izango dira habiak, arrautzak eta umeak. Basahatea eta uroiloa, berriz, ematen du hasi direla umatzen, ama-umeak ikusi baititugu dagoeneko.

Txirritxo txikia Sarian
Baina Sarian ugaltzen diren espezieez gain, pase-garaian hemen gelditzen direnak ere (txirriak, koartzatxo zuria, bernagorria, kuliskak, zikoina, koartzak oro har…) gorantz doaz eta lehen ikusi gabekoren bat ere agertu zaigu inoiz, hala nola zankaluze ikusgarria, arrano arrantzalea, koartza gorria… Zankaluzea Frantziako RĂ© irlan babestu zutenetik gero eta arruntagoa da Kantauri aldeko estuarioetan, eta apiril hasiera honetan dagoeneko Zarautzen, Orion, Txingudin eta, jakina, Sarian ikusi ditugu.
arranoarrantz
Arrano arrantzalea Saria ondoko pinudian
bernagor
Bernagorriak Sariak elikatzen

Lezkadia garatzen denean lezkari eta antzeko txori intsektiboro txikiz beteko da ingurua. Inguruko zenbait hegazti lehortar ere inguratzen da bertara jan bila. Hala, txinbo, pitxartxar, txiio, buztangorri, zapelatzak eta miruak arrunt bisitatzen dute Saria, eta azken urteotan Gipuzkoan hedatzen ari den beste espezie bat, pagausoa hain zuzen, bide ondoko pinudian bertan dugu urrumaka. Aipamen berezia merezi dute txinbo kaskabeltzek, azkeneko egunotan aspalditik gertatu gabeko pase ikaragarriaren lekukoak izan garelako, Sarian ere bai. Gogora dezagun Ipar Europako txinbo kaskabeltzek Afrikan igarotzen dutela negua.

txinbokaskabel
Txinbo kaskabeltza Sarian atsedena hartzen

Kontu handiz inguratu behar da Sariara. Sasoi honetan ez da komeni gehiegi inguratzea, habiaren bat zapuztuko ote dugun ere. Horregatik da hain baliagarria Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak oraintsu zabaldu duten behatokia erabiltzea. Bertatik aise eta inor ernegatu gabe ikusiko ditugu Sariako biztanle gehienak. Hobe da goizean azaltzea, eguzkiaren islak ikuspegia ez eragozteko. Hemendik hilabetera bitartean, oraindik limikola ugari pasako da hemendik. Hori bai, komeniko litzateke aparkalekuaren eta behatokiaren arteko bidexka nolabait apantailatzea, landarez, esaterako.

P1360309
Sariako behatokia

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina